Azaroaren 25ean izan zen ‘Konputazio Kuantikoa eta Hidrogenoa: Energia Berdearen Etorkizuna’ izeneko jardunaldia, Euskal Hidrogenoaren Korridoreak eta Ibermática Fundazioak antolatua. Ekitaldiak konputazio kuantikoak energia berriztagarriak, zehazki hidrogenoaren arloan, garatzeko tresna gisa duen ahalmena aztertu zuen.
Hasierako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morainek ‘Basque, BasQ’ ekimena aurkeztu zuen. Hezkuntza Sailak gidatutako ekimen honek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien lankidetza du, eta Euskadi teknologia kuantikoetan ikerketa, talentu eta berrikuntzarako hub global garrantzitsu bihurtzea du helburu.

Bestalde, Euskal Hidrogenoaren Korridoreko lehendakari José Ignacio Zudairek azaldu zuen CO2rik gabeko hidrogeno berriztagarrirako trantsizioa eskualdearentzat lehentasunezkoa dela, eta konputazio kuantikoak prozesu honetan funtsezko rola bete dezakeela.

Ibermática Fundazioko lehendakari Joseba Inchaurragak erakundearen konpromisoa azpimarratu zuen, digitalizazio-arrakala murrizteko eta gizarte-aurrerapena sustatzeko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren bidez. 2018tik, Ibermática Fundazioa konputazio kuantikoan zentratu da I+G-ren arlo estrategiko gisa, eta arlo honetan proiektu garrantzitsuak garatu ditu.

Ekitaldian zehar, Repsolen Quantum buruak, Ricardo Enríquezek, hidrogenoaren balio-katean konputazio kuantikoaren gaitasunei buruzko ezagutza partekatu zuen, teknologia horrek prozesuak nola eraldatu eta energia-erronkei heltzeko modua alda dezakeen azalduz. Emilia Martínez Serrano, Repsolen Industria Aktiboen Optimizazioko zuzendaria, I+G-ren garrantzia nabarmendu zuen teknologia horien garapena abiarazteko eta teknologien hibridazioa beharrezkoa dela kasu bakoitzean soluzio egokiena aurkitzeko.

Ibermática Fundazioko kuantika arduradun Aitor Moreno Fernandez de Lecetak 2018tik martxan jarritako I+G estrategia aurkeztu zuen, optimizazioan, simulazioan eta Quantum Machine Learning-en egungo proiektuak nabarmenduz. Ikerketaz gain, bezeroekin proiektu kuantikoak inplementatzen hasi dira jada.

Egungo irtenbideekiko konputazio kuantikoaren aukerak aztertzeko, AMPO POYAM VALVESeko Berrikuntza eta Teknologia zuzendari Leire Colomo Zulaikak fluidoen eta egituren simulazio-inguruneetan kuantikak eskaintzen dituen aukerak azaldu zituen.

Miguel Palacio Camino, Petronor Berrikuntzako Mugikortasun eta Erregai Berriztagarrien arduraduna eta H2INTEGRA proiektuko Petronor zuzendari-koordintzaileak, azaldu zuen nola konputazio kuantikoak eraginkortasuna hobetu dezakeen hornidura bermatzeko hain beharrezkoak diren optimizazio-ereduetan.

H2Site-ko prozesuen ingeniaritza arduradun Artiz Arrizabalagak azaldu zituen hidrogenoa purifikatzeko eta bereizteko beharrezko simulazio prozesu konplexuak, non simulazio kuantikoa oso erabilgarria izan daitekeen. Amaitzeko, Senerreko IPCEI, Hydrogen Business & Investment Development zuzendari Alfonso Corbella Vázquezek simulazio kuantikoen abantailak ikusten dituzten erabilera-kasuen gida zehatza eskaini zuen, I+G azelerazioan eta produktu berrien diseinuan.

Jardunaldia mahai-inguru batekin amaitu zen, Aitor Moreno Fernandez de Lecetak moderatuta. Bertan, Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak), Ane Insausti (Gipuzkoako Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak) eta Adolfo Morainek (Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak) parte hartu zuten. Teknologiaren ahalmenaz gain, beren departamentuek egiten ari ziren estrategiak azaldu zituzten, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiaren Biqain estrategia edo Gipuzkoa Quantum Hub estrategia, Basque Quantum izeneko ekimenaren babespean. Guztiek azpimarratu zuten elkarlana sustatzearen garrantzia, eskualdea teknologia kuantikoen nodo global gisa finkatzeko