Ayesak, Ibermática Fundazioaren bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur goizean Donostian ospatu dute ‘Konputazio Kuantikotik Segurtasunera’ jardunaldia, Quantum Computing teknologiak dakarren aldaketa teknologikoaz hausnartzeko gonbitea egin duena. Teknologia horrek urrun dirudien arren, jadanik hasia da mundua eraldatzen. Hitzaldiek arreta berezia jarri dute zibersegurtasunaren arloan, izan ere, gaur egungo teknika kriptografiko asko ezerezean gera litezke ordenagailu kuantikoek duten prozesatze-gaitasunaren aurrean.
Joseba Inchaurraga, Ibermática Fundazioaren presidenteak azaldu duenez, konputazio kuantikoa gure garaietako iraultza zientifiko eta teknologiko handienetakoa da: “Erabat aldatuko du arazoei aurre egiteko modua, datuak aztertzeko era eta informazioaren segurtasuna bermatzeko tresnak. Baina, aldi berean, erronka handiak ere ekarriko ditu. Hamarkadetan zehar, gure datuak eta komunikazioak sistema kriptografikoen inguruan babestu ditugu, gaur egun seguruak direla uste dugun sistemak. Hala ere, ordenagailu kuantikoek hesi horietako asko apurtzeko gaitasuna izango dute etorkizun ez oso urrunean.”
Hori dela eta, datozen urteetan, enpresa-sarea, administrazio publikoak, azpiegitura kritikoak eta, oro har, gizarte osoa segurtasun-paradigma berri batera moldatu beharko dira. “Ez da soilik eraso konbentzionalei aurre egitea, baizik eta egungo zifratze-tresnak zaharkituta gera litezkeen aro baterako prestatzea”, azpimarratu du Inchaurragak.
Gaur egun, banku-transakzioak, posta elektronikoak, historia klinikoak edo kontratu digitalak RSA edo ECC bezalako sistema kriptografikoekin babestuta daude. Sistema horiek mendeak beharko lituzkete apurtzeko gaur egungo teknologiekin; baina etorkizuneko ordenagailu kuantikoek minutu gutxitan edo segundotan deszifratu litzakete. Eta hau ez da etorkizuneko arazo hutsa: aktore gaizto batzuk dagoeneko datu zifratuak biltzen ari dira, itxaropenarekin etorkizunean, ordenagailu kuantikoak nahikoa boteretsuak direnean, datu horiek deszifratu ahal izango dituztela.
Erantzuna: Quantum-Safe Segurtasuna
Baina ez da dena mehatxu. Albiste ona da komunitate zientifiko eta teknologikoa dagoeneko lanean ari dela erronka honi aurrea hartzeko. Jada garatzen ari dira Quantum-Safe izenez ezagutzen diren segurtasun-estrategia berriak —edo kriptografia post-kuantikoa—, enpresek eta erakunde publikoek aro berri horretan babesteko aukera izango dutenak.
“Testuinguru honetan, erakundeek ez dute itxaron dezaketen denborarik. Prestakuntza orain hasi behar da. Eta horrelako ekitaldiek funtsezko papera jokatzen dute: arazoa hobeto ulertzen laguntzen digute, martxan dauden konponbideak ezagutzen eta trantsizio hori gure segurtasun-estrategian nola integratu hausnartzen. Etorkizunerako prestatzeko ekitaldi bat”, azaldu du Inchaurragak.
Ekitaldian zehar, gai horiek sakon aztertu dira adituen laguntzarekin, konputazio kuantikoak gure gizartean izango duen eraginari buruzko ikuspegi ezberdinak eskainiz. Segurtasun-estandar berriez, enpresek nola hasi daitezkeen egokitzen, eta zein sektore izango diren aldaketa honek gehien eragingo dituenak hitz egin da. Ez da teknologia ulertzea soilik, baizik eta nola aplikatu jakitea: enpresa-munduan, administrazio publikoan eta eguneroko bizitzan.
Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu berriak, Unai Anduezak, eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Adolfo Moraisek. Jorge Lópezek, Ibermática Fundazioaren izenean, Post-Kuantikoaren Aroa Segurtasun Industrialeko inguruneetan (PQC) gaia jorratu du, eta Alejandra Ruiz Lópezek, Tecnaliako ordezkariak, Post-Kuantikoaren Aroa komunikazioetan eta Internet kuantiko berria (QKD) gaiak landu ditu.
Era berean, ‘Post-kuantikoaren aro berria. Segurtasun-inguruneetako “2000 efektu” berria’ izeneko erabilera-kasuen mahai bat egin da, non Ibermática Fundazioa, Dorlet, LKS, Multiverse, OPSCURA eta KutxaBankeko arduradunek parte hartu duten; eta ‘Prekuantikoaren eratik postkuantikora trantsizioaren premia. Benetan beharrezkoa da? Prest al gaude?’ izeneko eztabaida-mahaia ere egin da, Ayesa, ZIUR, CyBasque, Cyberzaintza eta CyberTIX Simulation Technologieseko ordezkariekin.