Ibermática Fundazioak, Basque Health Clusterrekin lankidetzan, “Datos e Innovación en Salud. Alineando el Ecosistema Vasco de la Salud para el Futuro Digital” izeneko ekitaldia antolatu du, datuen eta berrikuntzaren arteko konbinazio honek etorkizuneko osasunaren esparruan izango duen papera aztertzeko.

Etorkizun hori eraginkortasun handiagoa, pazientearen arreta hobea eta baliabideen optimizazioa bilatzen duen eredu digital batean oinarritzen da, datuen erabileraren inguruan garatzen den enpresa-ekosistema baten bitartez.

Jardunaldian Euskadiko Health Ekosistemako osasun-zerbitzu nagusien hornitzaileak bildu dira —datuen eragile eta hornitzaile nagusiak—, eta haiekin batera egon dira enpresa, teknologia eta zientzia arloko sare ekonomikoa osatzen duten enpresak, zentro teknologikoak, ETEak eta startup-ak. “Konbinazio honek gure balio-katearen aniztasuna eta aberastasuna islatzen ditu, eta helburu argi bati erantzuten dio: lankidetza-harremanak sendotzea, ezagutza partekatzea eta sektorearen eraldaketa azkartuko duten aukerak sortzea”, azaldu du Joseba Inchaurragak, Ibermática Fundazioaren presidenteak.

Inchaurragaren hitzetan, “berrikuntza eta eraldaketa digitala ezinbesteko ardatz gisa sendotzen ari dira, osasun-sistema erresilienteago bat lortzeko, baliabide erabilgarriak optimizatzeko eta erronka handiei aurre egiteko: biztanleriaren zahartzea, gaixotasunen kronikotasuna edo zerbitzu pertsonalizatuen eskaera gero eta handiagoa. Baina ez da nahikoa erreakzionatzea: beharrezkoa da aurrea hartzea, eta eragile guztien artean lankidetza-modu berriak diseinatzea eta teknologia berrien adopzioa bizkortzea, Euskadiko Osasun Ekosistema tokiko mailan ez ezik, estatu eta Europa mailako erreferente bihurtzeko”.

Eusko Jaurlaritzaren apustua

Ekitaldian parte hartu du baita ere Osasun sailburuak, Alberto Martínezek, eta ekimena “etorkizun gero eta konektatuago, eraginkorrago eta gizatiarrago baten aldeko urrats garrantzitsua” gisa definitu du. Bere hitzetan, bere sailaren helburua da “Euskadi prest egotea biharko osasunaren erronkei aurre egiteko, datuen eta berrikuntzaren erabilera adimendun eta arduratsuaren bidez”. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak abian dituen ekimenetako batzuk azaldu ditu, hala nola “Euskadiko Osasun Datuen Espazioa”.

Proiektu horrek osagai nagusi bat izango du: Osasun Datuetarako Sarbide Bulegoa, zeinak bermatuko baitu datuen erabilera segurua, gardena, etikoa eta arduratsua izango dela, aurreiritziak eta diskriminazioak saihestuz, eta erabilgarria izango dela bai arreta klinikoan bai osasunaren ikerketan eta berrikuntzan.

Euskadiko Osasun Datuen Espazioa Europako printzipio komunetan oinarrituko da:

  • Pertsonen subiranotasuna: herritar bakoitzak bere datuen kontrola izango du.
  • Pribatutasuna eta segurtasuna: erabilera desegokien aurkako babes maximoa.
  • Kalitatea eta interoperabilitatea: datu fidagarriak, eskuragarriak eta alderagarriak.
  • Etika eta ekitatea: erabilera arduratsua, inklusiboa eta bidezkoa.
  • Berrikuntza arduratsua: adimen artifiziala (IA) bezalako teknologien integrazioa irizpide etiko, garden eta seguruetan oinarrituta soilik.

Espazio hau ez da isolatuta sortuko, eta zuzenean lotuko da dagoeneko martxan dauden bi ekimenekin. Batetik, Osakidetzaren Adimen Artifizialaren Gida, zeinak adierazten baitu nola aplikatu IA osasun-arloan, betiere segurtasun, gardentasun, giza gainbegiratze eta pazienteen eskubideen errespetu printzipioetan oinarrituta. “Profesionalaren lagungarri izango den tresna da, baina ez ordezkoa; lan errepikakorrak arintzeko eta pertsonen arreta zuzena indartzeko baliagarria izango da”.

Bestetik, Osakidetzako DATUA ekimena ere lotuta dago: Euskadiko osasun-datuak gobernatu eta kudeatzeko sortutako Datuaren Bulegoa. Bere lana funtsezkoa izango da sarbide, kalitate eta interoperabilitatearen arau argiak ezartzeko. “Horrela, datuak lagungarri izango dira bai asistentziarako, bai ikerketarako eta osasun-kudeaketarako, eta zubi-lana egingo dute osasun-sistemaren, mundu akademikoaren eta sektore teknologikoaren artean”.

“Azken finean, Euskadin bide argia dugu osasun-ekosistema bat garatzeko, nazioarteko praktika onenekin, estrategia europarrarekin eta anbizio argi batekin: datu bakoitzak balio izatea, inbertsio bakoitzak eragin positiboa sortzea eta berrikuntza bakoitzak hobekuntza zehatza ekartzea”, amaitu du Martínezek.

Jardunaldiak jarraipena izan zuen “Transformación Digital en Salud. Procesos/Datos en el día a día de la prestación y asistencia” mahai-inguruarekin, non parte hartu zuten Xabier Eroa (Ayesako Health zuzendaria), Inés Gallego (Eusko Jaurlaritza – Osasun Saila, Transformazio, Analisi, Planifikazio eta Herritarren Partaidetzaren zuzendaria), Javier Garate (Grupo IMQ-ko Antolaketa eta Informazio Sistemen zuzendaria), Álvaro Gómez–Meana (Quirónsaludeko Arlo Asistenzialeko Berrikuntza eta Garapeneko zuzendaria) eta Iratxe Ijalba (Mutualiako Informazio Sistemen eta Berrikuntza Koordinatzailea).

Ondoren, María Aguirrek (SPRI, Osasun eta Gizarte-trantsizioko arduraduna) “Industria biosanitaria en Euskadi” izeneko hitzaldia eman zuen, eta jarraian egin zen bigarren mahai-ingurua: “Innovación colaborativa en salud digital: conectando capacidades para transformar el sistema”. Bertan parte hartu zuten Pedro de la Peña (Chief Inno Emerging Tech Officer, i3B – Ayesaren I+G unitatea), Joseba Laka (Digital zuzendaria, Tecnalia), Leire Frances (BDM for Digital Health & Biomedical Technologies, Vicomtech), Iban Arriola (Tekniker, Osasun Sektoreko arduraduna), Mercedes Ramas (Faes Farmako I+D+i saila), Ane Saez (ULMA, Software Garapeneko arduraduna) eta Lorea Mendoza (Fundación Vasca de Innovación e Investigación Sanitarias – BIOEF-eko koordinatzaile zientifikoa). Jardunaldiari amaiera eman zion Itziar Cuencak, Ibermática Fundazioaren zuzendari nagusiak.